Auzolandegiak

BOLUNTARIOTZA AUZOLANDEGIETAN

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bitartez eta beste autonomia erkidegoekin eta Nazioarteko Boluntarioen Zerbitzuarekin (NBZ) batera, bultzatu egiten du Nafarroako gazteen parte-hartzea hainbat modalitate eta tokitan egiten diren auzolandegietan.

Jarduera hauen helburua da bizikidetza, tolerantzia eta lankidetza-espiritua indartzea eta zuen esku jartzea eskualde desberdinetako kultura, historia eta ohiturak, baita naturarekin harremanetan bizitzea ere, ingurumen eta kirol jardueren bidez.

Auzolandegiak alderdi soziala duten proiektuak dira, hainbat jatorritako gazteek borondatezko lanarekin eta eskuzabaltasunez garatuak. Haietan beste herrialde batzuetako gazteen pentsamoldea eta bizimodua ezagutzen ahal duzu, eta zure laguntzari esker, beste herrialde batzuetako neska-mutilekin batera, bultzada ematen ahalko diezu zenbait elkartasun-proiekturi. Auzolanaren egitekoarekin batera, aisia eta kultura jarduerak egiten dira, bizikidetza, elkartasun eta tolerantzia balioetan oinarritutako esperientzia bat bizitzeko aukera eskainiz.

BOLUNTARIOTZA JARDUEREN EZAUGARRIAK:

Kasuan kasuko erakundeek zehazten dituzten tokietan hartuko da ostatu, besteak beste, aterpetxeetan, gazte edo turismo kanpalekuetan, egoitzetan, etab., baita bestelako instalazioetan ere, jarduerak iraun bitartean horretarako egokituak daudenetan.

Jardueren deskribapenean parte-hartze kuotak zehaztuko dira, ostatua, mantenu osoa eta jarduera osagarriak barne hartuz. Ez da barne hartuko destinoko tokira iristeko bidaia. Beste herrialde batzuetan egindako auzolandegien kasuan kuotak ez du bisaturik, txertorik edo istripu asegururik barne hartzen.

Jardueraren lehenbiziko egunean azaldu beharko du gazteak auzolandegian. Parte-hartzaileak beren kabuz joanen dira eta beren kargu izanen dira auzolandegiko joan-etorriak. Auzolandegian sartzeko orduan, NANa edo pasaportea eta osasun txartela eraman beharko dira.

 

Zenbait urtetako etenaldiaren ondotik, 2017ko udan Auzolandegien jarduera antolatu zen berriz. Nafarroako 60 gazte baino gehiago Espainian eta Nazioartean ibili ziren boluntario lanetan zenbait jardueratan, beste autonomia erkidego eta herrialdeetan (47 gaztek auzolandegi nazionaletan hartu zuten parte eta 21ek, berriz, nazioartekoetan).

Aldi berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak hiru auzolandegi hauek antolatu zituen Nafarroan: Botilen Hilerria, Bertizko Jaurerria eta P lerroa. Haietan hainbat gai landu ziren, hala nola oroimen historikoa edo ingurumena berreskuratzea. Haien gainean klik egiten baduzu, prestatu ditugun argazkiak eta bideoak ikusten ahalko dituzu.

Era berean, auzolandegietako beste argazki eta bideo batzuk ere ikusten ahalko dituzu, partaideek helarazi dizkigutenak: