Osasungaztea, Saludjoven: gaztaroan osasuna sustatzeko webgunea, ongizate emozionala, drogak eta jokoa eta sexualitatea ardatz

2019/07/22

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea Ruben Goñik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea María José Pérezek eta Osasuna Politika Guztietan Sustatzeko Ataleko buru Margarita Echaurik gaur goizean aurkeztu dute Osasungaztea Salud Joven webgunea (osasungazteanafarroa.eus eta saludjovennavarra.es), osasunarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko informazioa, baliabideak eta kontsulta-aukerak eskaintzen dituen gazteendako online esparrua.

Gazteengan osasuna sustatzea da webgunearen helburua, betiere kontuan harturik kolektibo honen aniztasuna zaletasunei, ikasketei, lanei, aisialdiari zein sexualitateari dagokienez. Tresna honen bitartez, partaidetza ahalbidetu eta sustatu nahi da gazteen artean, gazte elkarteen artean nahiz kolektibo honekin lan egiten dutenen artean, plataforma hobetzen eta eguneratzen lagun dezaketen iradokizunak bidal ditzaten.

Osasungazte – Saludjoven

Plataformarako sarbidea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren webgunean kokatuta dago osasungazteanafarroa.eus eta saludjovennavarra.es esteken bitartez eta gailu mugikorretarako egokituta dago.

Online esparru honen edukiak hiru multzotan antolatu dira: ongizate emozionala, drogak eta jokoa, eta sexualitatea. Osasunari buruz eta garapen pertsonala orokorrari buruz zein aipaturiko hiru ardatzei buruz gogoeta egiteko informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu. 

Multzo bakoitzean, irudiak, esaldiak, bideoak, kantuak, etab. sartu dira, erabiltzaileei edukiak lotzeko, horiei buruzko ikuspegia zabaltzeko eta egoera edo portaera bakoitzari dagozkion faktoreei buruzko gogeta bultzatzeko aukera errazteko xedez.

Hartara, ongizate emozionalaren atalean, osasun mentalaren garrantzia hartu da abiapuntutzat, betiere kontuan hartuz osasun mentalari eusteko nahitaezkoa dela nork bere baitan ongi sentitzea, emozioak bereizi eta ulertzea, gertaeren irakurketa egokia egitea eta beste pertsonekin eta ingurunearekin modu positiboan konektatu eta harremanetan jardutea.

Sei atal ditu: pertsona bezala eraikitzea, nor bere bizitzaren protagonista izatea, emozioen kudeaketa; erabakiak hartzea eta pentsamendu sortzailea; eta harreman, konexio eta komunikazioaren bidez ikastea. Ikusentzunezko 17 fitxategi ditu.

Drogak eta jokoa delako multzoak droga, IKT, bideojoko eta apustuei buruz gogoeta egin eta mugak jartzea proposatzen du, dibertimendu osasungarria lortzeko, adikzioak saihesteko eta nahi gabeko kalteak eta ondorioak baztertzeko. Lau gai nagusiren inguruan antolatu da: alkohola, tabakoa, kalamua eta jokoa, eta irudiak, kanpainak eta ikusentzunezkoak eskaintzen ditu, baita tele-saioetarako zein online plataformetarako sarbidea ere, gizarte-entitateenak (Hegoak edo Aralar), erakunde eta elkarte zientifikoenak (INJUVE, Osasun Ministerioa, Joko arduratsua, Évict proiektua, etab.), eta are erretzeari uzteko aplikazioak barne harturik.

Sexualitateari buruzko atalean, besteak beste, identitateak, sexualitateak, desioaren orientazioak, erotismoa, plazerra, intimitatea, ugalketa, prebentzioa eta tratu ona aztertzen dira. Honako sail hauek ditu: kolore askotako sexualitatea, gure gorputza ezagutzea, afektu sexualek mugiarazten gaituzte, eta harreman afektibo-sexual osasungarri eta seguruak. Fil labur baterako estekarekin batera, 20 bideo, hainbat prentsa-artikulu, gizarte entitateen orrialdeak (Gozamenez, Gazteriaren Kontseilua, Naizen, Kattalingorri, Aspace …) eta instituzio eta erakundeenak (Unesco, OMS, Osasun Ministerioa, INJUVE, Eusko Jaurlaritza, Catalunya, adibidez) sartu dira.

Osasuna, oinarrizko eskubidea

Aurkezpenean, Ruben Goñik argi utzi du “osasuna oinarrizko eskubidea dela pertsonen eta komunitateen bizitzarako, eta halaxe jasota dagoela Giza Eskubideen Aldarrikapenean”.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen II. Kapituluak zeharkako politikak ditu aztergai, eta “Gazteak eta osasuna” deritzon 15. artikuluan, argi adierazi du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ingurune eta bizitzeko ohitura osasuntsuak sustatuko dituela, prebentzio neurriak ezarriz eta osasuna sustatzeko jarduketak eginez. Bestetik, I. Kapituluko 14.a) artikuluan, informazioa Gazteria arloko politiken berariazko eskuduntza dela dio.

Nabarmendu duenez, Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuarendako eta bereziki Gazteriako Zuzendariordetzarendako, webguneak erantzuna eman dio, gazteek II. Gazteria Plana lantzeko partaidetza bidezko prozesuan osasunaren arloko zenbait gairi buruzko (alkoholaren eta bestelako drogen kontseumoa, sexualitatea, etab.) egindako informazio eskeari. Gazteek egiten duten Interneten erabilerari ere erantzun omen dio, izan ere, lagunengana zein konfiantzazko pertsonentsagana jotzen dute informazio eskean. Horren harira, webgunea gazteen zerbitzuko tresna bihurtu nahi dute, egoeraren zein beharren arabera erabiltzeko aukera izan dezaten.

Webgunea 2017-2019ko II. Gazteria Planari atxikita garatu da, gazteak dimentsio indibidual eta sozial guztietan modu integralean garatzen laguntzeko tresnak eskaintzea, eta gogoeta egitera, nork bere buruarekin, gorputzarekin, emozioekin zein ingurunearekin konektatzera, eta autonomia, erabakiak modu pertsonalean hartzea, espiritu kritikoa, sormena etab. garatzera gonbidatzea xede duen dinamikaren barnean.

Bestalde, María José Pérezek nabarmendu duenez, “Osasun Departamentuarentzat, webgunea gazteengan osasuna irabazteko tresna da, nazioarteko zein estatuko erakundeen gomendioei atxikitakoa, eta hemen, Nafarroan, Osasun Mentalaren III. Plana, Drogak eta Adikzioak Prebenitzeko III. Plana eta Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Dekretuari atxikitakoa, gazteen osasunarendako garrantzitsuak diren beste gai batzuk baztertu gabe; hala nola, egun esku artean darabiltzagun elikadura eta ariketa fisikoa, eta aurrerago sartuko diren beste gai batzuk. Hartara, edukia hiru multzotan antolatu da: Ongizate emozionala, Drogak eta jokoa, y Sexualitatea. Izan ere, hiru gai horiek estu-estu lotuta daude eta kezka bizia sortzen dute gizartean”.

Horrekin batera argi utzi du, “gazteen % 96,8k dioenez, osasun ona dute, oro har energia handia dute eta bizitzaz gozatzen dute, eta kideekiko harremanetan laguntza eta gozamena erdiesten dute, baina horrekin batera, bizimoduari eta bizi diren inguruneei loturiko bizipenak, ondoezak eta osasunaren gaineko arriskuak iradoki dituzte, eta zorionez oso arraroa bada ere, arrisku horiek bizitza-proiektuak eteteko moduko ondorio kaltegarriak ekartzen ahal dituzte. Trafiko-istripuak eta suizidioak dira etapa honetako heriotzen kausa nagusiak”.   

“Gazte gehienak pozik sentitzen dira, eta Estatuko 2017ko Osasun Inkestaren arabera, osasun mentalaren batezbestekoa zertxobait txarragoa da Nafarroan Espainian baino, baina kontuan hartzeko moduko alderik gabe, eta horren harira, Nafarroari Espainian dagoen goera bera egotziz gero, arras kezkagarria da 15-24 urteko taldean emakumeen % 17,4 eta gizonen % 8,1 osasun txarra izateko arriskuan egotea eta emakumeen % 4,8k eta gizonen % 3,2k medikuen diagnostikaturiko eritasunen bat izatea”, nabarmendu du.

Gizarte toleranteegia kontsumoekin

Haren esanetan, “gure gizartea toleranteegia da adingabeen kontsumoarekin (hazkundean dagoen garunean kalte garrantzitsuak eragin ditzakeen arren) eta alkoholaren, kalamuaren nahiz bideojokoen soberako kontsumoekin, eta honen ondorioz, gazte askok ez diote mugarik jartzen kontsumo horri”.

Bestetik, sexualitatea nortasunaren funtsezko osagaia da. OMEaren iritziz, gure ingurunean eskaintzen den aurreiritzirik gabeko hezkuntza afektibo-sexual objektiboa ez da nahikoa. Hezkuntza ez da telebistaren, telesailen edo pornografiaren esku utzi behar, eta ondorioz, nahitaezkoa da familiek, profesionalek eta elkarteek batera lan egitea. Halaber, garrantzi handikoa da azken urteotan hedatuz doazen sexu-transmisiozko infekzioak prebenitzea (klamidiak, gonokozia edo sifilisa), baita nahi gabeko haurdunaldiak, abortuak, biharamuneko pilula, indarkeria eta diskriminazioa ere.

Nafarroako gazteak

Nafarroan 14 eta 30 urte bitarteko 109.565 gazte bizi dira, horietarik 55.706 gizonezkoak dira (% 50,8) eta 53.859 emakumezkoak (% 49,2). Gazteen pisu demografikoa gainbeheran dago 2205az geroztik, baina 2015etik aurrera egonkortzeko joera hartu duela irudi du. 2017an, gazteak biztanleria osoaren % 17,03 ziren. “Zonificación Navarra 2000” argitalpenean bildutako datuen arabera, Goi Erriberan gazteen pisu demografikoa handiagoa da Pirinio aldean baino, azken honetan baitu pisurik txikiena. Iruñean eta Iruñerrian bizi dira Nafarroako gazteen % 57 baino gehiago, eta Iruñeak gazteen % 30 baino gehiago biltzen du. Atzerrian bizi diren nafar gazteen kopurua etengabe hazi da 2009tik 2017ra bitartean, % 5,9ko portzentajera iritsi eta Estatu batezbestekoa gainditu duelarik.

 Osasungaztea, Saludjoven: gaztaroan osasuna sustatzeko webgunea, ongizate emozionala, drogak eta jokoa eta sexualitatea ardatz

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

Gure buletinak
Kategoriak




DATU-BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

  • Arduraduna: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua (Nafarroako Gobernua)
  • Helburua: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko alorretatik programatzen diren jarduera eta ekitaldien gainean aldian aldiko informazioa jasotzea.
  • Legitimazioa: Interesatuaren baimena.
  • Hartzaileak: Datuak ez dira beste inoren eskuetara pasako legearen araberako eskaririk jaso ezean, edota horien esleitzea helburua betetzeko beharrezkoa geratzen bada.
  • Eskubideak: Datuak jaso, aldatu edota borratzeko zein informazio gehigarrian agertzen denaren araberako eskubideak dituzu.
  • Informazio gehigarria: Datuen Babeserako informazio gehiago hemen kontsulta dezakezu.