Lagunak eta familia dira Nafarroako gazteei asebetetze pertsonal handiena ematen dieten alderdiak

2019/03/14

Lagunak (%91,3) eta familia (%88,1) dira Nafarroako gazteei bizitzan asebetetze pertsonal handiena ematen dieten alderdiak, ‘Nafarroako Biztanleria Gaztearen 2018ko Inkestaren’ arabera; inkesta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) argitaratu du.

Elkarrizketa presentzialak egin zaizkie Nafarroako 14 eta 30 urte arteko 1.459 gazteri, eta azterketa horren bitartez, ‘Nafarroako Foru Komunitateko Biztanleria Gaztearen Emantzipazio Inkesta 2017’ osatu da, azken horretan landu gabeko gaiak jaso baitira hemen; hala nola, prestakuntza eta enplegua; osasuna; kultura, aisia eta denbora librea; ingurumena, iritzia, balioak eta sinesmenak; gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna; emakumeen aurkako indarkeria; gizarteratzea; eta etorkizunerako itxaropenak. Modu horretan, eremu horien eta Emantzipazio Inkestan (emantzipazioa, enplegua, egoera ekonomikoa eta hezkuntza) aztertutakoen tratamenduari esker, Nafarroako gazteei eragiten dieten gai nagusien ikuspegi oso bat lortu da.

Etorkizunerako itxaropenak

Nafarroako gazteak baikor agertzen dira etorkizunari begira, bereziki familiari eta arlo sozialari dagokienean. Modu horretan, lagunekin eta familiarekin batera, asebetetze pertsonal altua ematen die norberak bere erabakiak hartzeko gaitasunak (%84,7), eguneroko bizimoduan askatasuna izateak (%84), osasunak (%80) eta aisiarako denborak (%74,3).

Aldiz, lan-arloa da atsekabe gehien sortzen duena, gazteen %36ak bakarrik adierazi baitu lanarekin  pozik dagoela. Ildo berean, etorkizuneko lan-egoerak edo ikasketak sortzen dute axolagabekeria-maila handiena gazteen artean (%12,4 eta %19,3, hurrenez hurren).

Osasuna

Osasunari dagokionean, lau gaztetatik hiruk (Nafarroako gazteen %75,8a) adierazi dute osasun-egoera ona dutela, maila fisikoan nahiz mentalean, eta 1etik 100erako eskalan 70 puntu baino gehiago eman dizkiote, ‘Nafarroako Biztanleria Gaztearen 2018ko Inkestan’ jasotakoaren arabera.

Hala ere, Nafarroako gazteek ez dituzte betetzen atseden osasungarria izateko gomendioak; hots, egunean 8 ordu inguru, asteko egunetan. Batez beste, astelehenetik ostiralera 7,3 ordu lo egiten dituzte egunero; asteburuan, aldiz, eguneko 8,5 ordu. Halaber, elikadura-arloko ohiturak hobe ditzakete, gazteen ia %39,4ak bakarrik kontsumitzen baititu frutak eta barazkiak egunero.

Bestalde, gazteen %65,1ak adierazi du edari alkoholdunak hartzen dituela, eta horietatik erdiak (%55,8) festara ateratakoan edaten du. Tabakoari dagokionean, Nafarroako gazte gehienek ez dute erretzen, baina %33,1ak dio erretzailea dela.

Prestakuntza eta enplegua

Lanean ari diren gazteen erdia baino zertxobait gehiagok (%52,3) haien prestakuntzarekin zerikusi gutxi edo batere ez duten postuetan lan egiten du, nahiz eta, adina eta prestakuntza-maila altuagoa den neurrian, enpleguak zerikusi handiagoa izan egindako prestakuntzarekin.

Dena den, prestakuntza akademikoa ez da berme moduan hartzen horrekin lotutako enplegu bat lortzeko; izan ere, gazteen %47,2ak uste du ikasketa-maila ez dela garrantzitsua, azkenean ahal denean lan egin behar delako. Horren inguruan, 25 eta 30 urte arteko gazteentzat titulazioak ez dira hain determinatzaileak, lanak ez baitu zertan lotura izan ikasi denarekin.

Kultura, aisia eta denbora librea

Aisiari eta denbora libreari dagokienean, egunean batez beste norberak bere buruarentzat 4,8 ordu hartzen ditu aste-tartean eta batez beste 8,6 ordu asteburuetan. Nesken batez bestekoa gazte guztien batez bestekoa baino baxuagoa da: 4,5 ordu aste-tartean eta 8,2 ordu asteburuetan; mutilak, aldiz, batez bestekoaren gainetik aurkitzen dira: 5,0 ordu aste-tartean eta 8,9 ordu asteburuetan.

‘Nafarroako Biztanleria Gaztearen 2018ko Inkestaren’ arabera, Nafarroako gazteek egunero aisiarako egiten dituzten jardueren artean ezagunenak hauek dira: ordenagailua erabiltzea, sare sozialetan sartzea, Interneten ibiltzea, telebista ikustea, musika entzutea edo, besterik gabe, atseden hartzea. Horrez gain, gazteen aisiarako aukeren artean aurkitzen dira lagunekin elkartzea, kirola egitea edo bestelako kultur jarduerak egitea.

Gaur egun, Nafarroako gazteen laurdenak, %24ak, lokal bat du lagunekin partekatzeko, eta, zona geografikoaren arabera, etxabea, piperoa, gela, e.a. deitzen diote. Norberak kudeatzeko gazteen espazioen edo etxabeen fenomenoa ez da hainbestekoa nesken artean, soilik %19,7ra iristen baitira neskak, etxabea duten mutilen %27,5aren aurrean.

 

Ingurumenarekiko kezka

Aldaketa klimatikoa gazteen zati handi batentzat (%28,8) ingurumen-arloko arazo nagusia da. Bigarren, Nafarroako gazteei baita ere kezka sortzen die animalien eta landareen espezieak desagertzeak (%16,4) eta kutsadura atmosferikoak (%14,9). Arazo horien irtenbide bezala, horien gainean informazio gehiago ematea beharrezkotzat jotzen dute (%28,8), eta industriari, merkataritzari eta herritarrei pizgarri ekonomikoak eskaintzea ingurumena babesteko (%26).

Iritziak, balioak eta sinesmenak

Inkestan bildutako datuen arabera, indarrean den sistema ekonomiko eta politikoarekiko borondate txarra bizi dute gazteek. Nafarroako gazteen %42,7ak dio interes gutxi duela politikarekin loturiko gaien inguruan eta %27,2ak inolako interesik ere ez. Aldiz, %10,1ek adierazi du gai politikoak asko interesatzen zaizkiola eta %20ak nahiko interesatzen zaizkiola. Gainera, alderdi politikoetan, sindikatuetan, elkarteetan edo mugimendu komunitarioetan parte-hartzea badirudi gainbehera dagoela. Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) kenduta, erakunde bakar bat ere ez da iritsi nota gainditzera.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna

Inkestari erreparatuta, Nafarroako gazteriak zenbait genero-rol sortzen jarraitzen du, eta horietan emakumeek ardura handiagoa hartzen dute etxeko lanetan. Modu horretan, nesken %53,4ak dio 5 etxeko lan edo gehiago egiten dituela, eta mutilen artean kopuru hori %33koa da.

Bestalde, gazteen ia erdiak (%41,7) berdin baloratzen du etxe barruko edo kanpoko lana, baina gazteen %37,6arentzat etxetik kanpoko lana etxekoa baino atseginagoa da.

Nafarroako gazteentzat emakumeen egoera gizonena baino okerragoa da soldata-kontuetan, lanpostuan igotzeko aukeretan, enplegua aurkitzeko, egonkortasuna lortzeko, lan eta familia uztartzeko aukeretan eta erantzukizuneko postuak eta erantzukizun politikoko postuak izateko aukeretan. Nesken %72,1ak uste du (mutilen kasuan, %60,5ak), gizonekin alderatuta, haien soldata txikiagoa dela. Modu berean, neska gazteen %68,6aren ustez, mutilen %55,8aren aurrean, lanean postuz igotzeko aukerak mutilenak baino zailagoak dira.

Indarkeria matxistari dagokionean, Nafarroako gazte guztiek baztertzen dute, gehiago edo gutxiago bada ere. %76,6arentzat arazoa oso larria da, %12,4arentzat larria, eta %8,6arentzat garrantzitsua.

Gizarteratzea

Nafarroako gazte ia guztiek begi onez onartuko lituzkete ondorengo egoerak: migratzaileak bizi diren auzo edo bloke berean bizitzea, migratzaileekin lan egitea, migratzaile bat lantokiko burua izatea edo seme-alabek etxera lagun migratzaileak eramatea.

Bestalde, Nafarroako gazte gehienek adierazi dute ez direla bidegabe tratatuak sentitu sexu, adin, etnia, erlijio, desgaitasun edo sexu-orientazio arrazoiak medio. Hala ere, %19,3ak esan du adina dela-eta diskriminatua sentitu dela eta %18,6ak, sexua dela-eta.

Horrez gain, Nafarroako gazte gehienek (%71,2) ez dute segurtasun eza sentitzen auzoan, herrian edo bizileku-inguruan gauez bakarrik joatean. Baina, erantzunak generoaren arabera aztertuz gero, esan daiteke emakumeen ia erdia (%47,1) segurtasunarengatik beldur direla gaueko ordutegian.

Datu teknikoak

Inkesta egin zaie Nafarroako 14 eta 30 urte arteko 1.459 gazteri; hau da, elkarrizketa presentzialak egin zitzaizkien 2018ko iraila eta urria artean. Akats-marjina %2,6koa da eta konfiantza-maila %95ekoa.

Lagunak eta familia dira Nafarroako gazteei asebetetze pertsonal handiena ematen dieten alderdiak

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

Gure buletinak
Kategoriak

DATU-BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

  • Arduraduna: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua (Nafarroako Gobernua)
  • Helburua: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko alorretatik programatzen diren jarduera eta ekitaldien gainean aldian aldiko informazioa jasotzea.
  • Legitimazioa: Interesatuaren baimena.
  • Hartzaileak: Datuak ez dira beste inoren eskuetara pasako legearen araberako eskaririk jaso ezean, edota horien esleitzea helburua betetzeko beharrezkoa geratzen bada.
  • Eskubideak: Datuak jaso, aldatu edota borratzeko zein informazio gehigarrian agertzen denaren araberako eskubideak dituzu.
  • Informazio gehigarria: Datuen Babeserako informazio gehiago hemen kontsulta dezakezu.