Nafarroako Gobernuak zorionak eman dizkio Emakumezkoen Osasuna taldeari kirol arloko lorpenengatik eta kirolean berdintasunari egindako ekarpenagatik

2019/05/10

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos buru izanik, harrera instituzionala egin zaio gaur arratsaldean Emakumezkoen Osasuna taldeari denboraldi honetan lortu dituen garaipenengatik eta emakumezkoen kirola bistaratzeko nahiz kirol jardunean egiazko berdintasuna lortzeko eredu eta erreferente bihurtu izanagatik.

Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldian bildu dira Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Rubén Goñi eta Kirol arloko zuzendariorde Primitivo Sánchez. Osasuna taldearen izenean, jokalariak, teknikariak, klubaren arduradunak eta zuzendaritza bertaratu dira, Luis Sabalza lehendakaria buru.

Gogoratzen ahal denez, taldeak Bigarren Mailako II. Taldeko txapela lortu du aurtengo denboraldian, eta horrek Lehen B Mailara zuzenean igotzeko aukera emanen dio. Horrez gain, emakumezkoen futbolaren maila gorenera igotzeko play-offetarako sailkatu da.

Agerraldiak

Jendaurreko agerraldiaren hasieran, Barkos Lehendakariak Nafarroako Gobernuaren aitorpena helarazi die taldeari eta Emakumezkoen Osasuna Fundazioaren familia osoari, “joko-zelaiaren barnean zein kanpoan, konpromiso, ahalegin, borroka, duintasun eta kiroltasunaren eredu bikaina izateagatik”.

Azken txapelketa honetan izandako lorpenak gogoratu ondoren, Sadar futbol-zelaia bera ireki baita lehendabiziko aldiz emakumezkoen taldearendako, Uxue Barkosek denboraldi “historiko” honek emakumeek praktikatutako futbola bultzatzen eta indartzen lagunduko duen konfiantza adierazi du.

“Ispilu bihurtu zarete –jarraitu du Lehendakariak– eta ispilu horretan islatzen dira, ziur nago, milaka emakumezko kirolari eta kirolzale, emakumezkoen kirola oso modu nabarmenean bistaratzen lagundu duzuelarik, bereziki emakumezkoen futbola. Izugarri pozten gaitu horrek guztiak, izan ere, garrantzi handikoa da emakumeak kirola egitera bultzatuko dituzten erreferenteak izatea, kirol jardunean ere egiazko berdintasuna lortzeko helburuari jarraiki, hauxe baita Nafarroako Gobernutik lantzen dihardugun helburua”.

Azkenik, Lehendakariak eskerrona adierazi die, “ez soilik kirol arloko garaipenengatik, baita zuen ilusioa gure artean zabaltzeagatik eta zuek lehen pertsonan bizi izan duzuen amets horren partaide garela sentiarazteagatik”.

Ekitaldiari bukaera emateko, Lehendakariak igoeraren oroigarrizko plaka daraman Nafarroako armarria eman die taldearen ordezkariei.

Nafarroako Gobernuak zorionak eman dizkio Emakumezkoen Osasuna taldeari kirol arloko lorpenengatik eta kirolean berdintasunari egindako ekarpenagatik

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

Gure buletinak
Kategoriak

DATU-BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

  • Arduraduna: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua (Nafarroako Gobernua)
  • Helburua: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko alorretatik programatzen diren jarduera eta ekitaldien gainean aldian aldiko informazioa jasotzea.
  • Legitimazioa: Interesatuaren baimena.
  • Hartzaileak: Datuak ez dira beste inoren eskuetara pasako legearen araberako eskaririk jaso ezean, edota horien esleitzea helburua betetzeko beharrezkoa geratzen bada.
  • Eskubideak: Datuak jaso, aldatu edota borratzeko zein informazio gehigarrian agertzen denaren araberako eskubideak dituzu.
  • Informazio gehigarria: Datuen Babeserako informazio gehiago hemen kontsulta dezakezu.